Aste honetan Errealeko jokalari bi ikusi ditut kaletik. Beno, bata egun ez da Errealekoa baina urte askoz izan da talde honetako kide garrantzitsu. Besteak egun Errealean egiten du bere lana, bigarrenez, joan-etorriko bidaia baten ondoren. Bi jokalariok urte dexentetan egin dute bat Errealeko lehen taldean, eta gauza asko bizi izan dituzte batera. Euren karreran antzekotasunak dituzten arren, euren ibilbideen balantzea egiterakoan txanponaren bi aldeak irudikatzen dituzte.
Bata Kovacevic da, bestea Aranzabal. Lehena igande eguerdian ikusi nuen, seguruenik Sevillatik etorri berritan. Ni Erdialdeko taberna batean nintzen, aspaldiko partez Errealeko kamisetaz jantzita (zin dagit ez zela bezperako garaipenagatik izan, arropa hartzerakoan ikusi nuen lehena izan baizelako baizik), eta lehio transparentearen bestaldetik pasa ziren lagun batzuk agurtutakoan "Begira nor dagoen hor!" esan zidaten. Begiratu, eta hara non Kovacevic taldearen ekipazioz jantzita maleta bat eskutan! Gainera, (Errealak irabazi zuela-eta) nik bera agurtu nuelakoan, agurra itzultzen ari zitzaidan, hori bai, harritu aurpegiarekin. "Zein ote da agurtzen nauen tipo hau? Partida bat irabaztea jendeak kaletik agurtzeko modukoa al da?" pentsatuko zuen agian.
Aranzabal ordea astelehenean ikusi nuen. Kasualitatez, kamiseta bera neraman. Bai, igande atsaldean ez nuen erabili eta lotsa ematen zidan berriz garbitzeko jartzeak. Antiguako taberna isolatu bateko terrazan zegoen, bikotekide, ume eta guzti. Errealeko kamiseta ikusi eta beste aldera begiratu zuen. Auskalo lotsa, lata emango ote nion susmoa ala begi txarrez begiratu edo zer edo zer esango ote nion beldurra izan zen, baina egia keinu azkar eta garratz batekin beste aldera begiratu zuen. Ez zirudien gustura, sentimentu deserosoa izango balu bezala. Gogora etorri zitzaidan depresioak eta horrelakoak izan zituela, eta pena eman zidan bere ibilbidearen zati garrantzitsuena Errealean egin duen etxeko jokalari batek horrela bukatu behar izatea. Ez beste talde batean egoteak, eta gutxiago ala gehiago jokatzeak. Baizik eta joateko moduak, eta batez ere zalego honek berekiko izan duen jarrerak. Seguruenik lata emango zion zale astun bat ikusi zuen nigan (ez zen horrela). Pentsatu nahi dut hori zela, eta ez zer edo zer aurpegiratuko ote nion susmoa. Baina dena dela ere pena da jokalari honekin gertatukoa.
Gauza asko uztartzen dira gai honetan: kanpotarrekiko miresmena, hasarretarako jokalariak aukeratzea, jokalari (pertsona) bakoitzaren izaera... Argi dago Aranzabalek ez zuela, publikoki behintzat, Getafeko PPko zerrendan joango den Gica Craioaveanuren karisma. Hau bai azkar moldatu toki berrietara. Nabari da harremanak egiten azkarra dela (ez diot fede txarrez). Izaera ezberdinak dira. Gauzak gaizki doazenean presioa jasatea ere bakoitzaren araberakoa da. Ez da munduko egoera bidegabeena miloikadak irabazten dituen langile batek stressa izatea; baina kirolaren aldetik, errealzale moduan, ez dut uste gure alde asko esaten duenik egoera honek. Ezta ere etxeko hainbeste jokalarik beraien zikloak etxetik kanpo amaitzen egoteak. Haagatik izango da, baina ez dut uste pozgarria denik, eta aztertzeko modukoa behintzat bada.
Espero dut Aranzabal ez dadila sentitu atzerritar bere etxean. Futbolaren inozokeria honetatik harago, bere lanbideaz harago, ez baitu inolako arrazoirik hala sentitzeko. Baina kirolaren aldetik ikusita ere, nire ustez ez du hala sentitzeko inongo arrazoirik. Baina seguruenik askok bere unerik onenean Italiara joan zen jokalaria gure taldearen maitale sutsu moduan gogoratuko dute. Baita Liverpoolera joan zena ere. Baina bere ibilbide gehiena, zintzo eta maila onean, etxean eman duena "Zaragozara joan zen hura" moduan gogoratuko dugu. Eta baten bat gainera, jokatzen ez duelako poztu eta guzti egingo da. Halakoak gara eta.
1 comentario:
no intentes buscar excusas...CAMBIATE DE CAMISETA!!!!serás guarro.....
y siempre de ocio e??? que bien vives.....
en fin, lo que dices responde al manido y real augurio de nunca ser profeta en tu casa, y más si tu casa es la Real Sociedad....larga lista.........aranzabal, alberto, idiakez, gabilondo.....
por cierto, sobre lo de ver jugadores de la real, yo hoy he visto a otro, garrido, que comentaba a su interlocutora algo sobre Kote Pikabea (mítico kote) y que fue su apoyo, que llevaba a entrenar en coche y siempre le apoyaba y animaba. sí, por comentarlo sólo.
Publicar un comentario