lunes, 7 de mayo de 2007

Txikikeriak

"Es verdad que es un modesto, un club sin gran pretensión
y por eso lo llevamos más dentro del corazón.

(...)

Diez o quince seguidores valen más que to'l Camp Nou,
el equipo de la liga y la más dura afición. "

Urroztarra, fuerza y garra. Tijuana in Blue.

Txikia nintzela Realaz gain, Bartzelona nuen gogoko. Bai, aitortzen dut. Egia esan gogoko izan baino Real Madridek galtzea nuen nahi, eta ondorioz Bartzelonaren aldeko nintzen. Adimen apur bat (egun oraindik askorik lortu ez dudan arren) izaten hasi nintzenean Erreala ez zen dagoeneko gauza handirik irabazteko gai, eta, Liga eta halakoak irabazteko Bartzelona zen nire apustua. Hala zen Depor iritsi arte, hasieran talde arrotz hori betiko eztabaida manikeoan sartzen zen talde moduan ikusi nuen, eta ez nuen gustoko izan. Baina bigarren itzuliko Bartzelona-Deportivo partida bat ikusten ari nintzela, gure aita zenak Deportibok irabaztea nahiago zuela antzeman nuen. Eta zergatia galdetu noski. Zer ote zuen aitak Acoruñako talde hark irabazterik nahi izateko?

Erantzunak nahiko sakon eragin zidan. "Duela 13 bat urte gu ere halako talde bat ginen, eta betiko handitxoei liga irabaztear zen talde "berria". Guk geuk liga irabazi genuen bezalaxe, nahiago dut hauek ere hori lortzea". Gerora jakin nuen Deporrena ez zela hain gauza idilikoa izan, baina urte haietan ur-handitako nire taldea Depor izan zen. Partida hartantxe gainera, negarrari ekin nion, Depor galtzen ari baitzen eta horrela bat-batean Realarekin halako identifikazioa zuen talde hura Liga galtzeko zorian zegoelako. Nire amak ez zuen tutik ere ulertzen. "Ez dago mutil hau ulertuko duenik".

Ordutik, Deporzale garai haietatik, Bartzelonarekiko sen txar berezia garatu nuen. Ez zen noski, Madridekiko gorroto hura, baina dagoeneko ez nuen batere gogoko talde hura. Nahiago nuen Bartzelona Madrid baino, baina tira betiko handietatik at edonork irabaz zezala liga. Eta hasi nintzen ikusten eguna Madridi begira negar egiten dutela, eurek Madriden gauza berberak egiten duten bitartean: epaileen laguntzak, diruz josita egonik besteen jokalariak hartu,...

Azken urteetan, ordea, sentimentuak okerrera egin du. Azal dezadan, argi dago Bartzelona eta Catalunyako jende askorekiko harremana ona dela, Bartzelonara lasaiago joatea dugu labankada bat jasotzearen hainbesteko beldurrik gabe, eta eurak ere hona etor daitezke "puto catalan" bat entzuteko arrisku handirik gabe. Hori ezin da ahaztu, hor dago eta baloratzekoa da. Eta hala jarrai dezala! Baina kirol maila ngero eta nazka handiagoa diot Bartzelonari. Madridek behintzat etsaiaren papera bikain jokatzen du. Hona etortzen dira, guk gorroto ditugu, eurek partidua irabazten dute jokalari ala epaile hobeak baitituzte ala (Anoetan askotan) emaitza ona lortzen dugu eta sekulako poza hartzen dugu, eta gero etsaitasun horri jarraiki gauzek hor diraute. Jende gutxi kentzen digu Madridek zale moduan (nahiz eta blog honen jabea Real Madrileko bi gizonez inguratuta bizi.....). Azkenean nazka eta gorroto honetatik maitasun apur bat ere sortu zait. Nazka ematen dit euretaz bakarik hitz egitea Espainiar komunikabideetan, baina abantail handia dugu hemen: guk ez ditugu gurean hainbeste jasaten. Eta batez ere, esan bezala, ez digute zale askorik kentzen. Eta gainera, ez dut gogoko Errealekoa izate hutsagatik batzuen aurka egon behar hori, are gehiago Athleticen aurka denean. Bada, Madriden aurka ere ez dut gustoko.

Baina Bartzelonarena.....horiek bai ditugula lehiakide etxean bertan. Hainbeste etxeko jende Bartzelonaren alde, betiko zaleak Bartzelona animatuz, gure lagun eta ezagunak lehen aldiz Anoetara joaten Bartzelona ikustera, hainbeste eta hainbeste katalanuiar, baloi-biltzaileak eurak ere edozein errealazale lotsaraziz,....Lotsa pasa nuen beste behingoagatik Anoetan Bartzelonaren bisita zela eta. Partidarik tristeena bihurtu da niretzat, ez han ez hemen ez dugu irabazten eta gainera tonto papera egiten dugu. Athleticek jokalariak kentzen omen dizkigu eta horregatik omen da etsai. Eta Bartzelonak eman egiten al dizkigu bada? Hona etorri, irabazi eta gainera "Pero lo importante es el ambiente, no el resultado" entzun behar". 0-2 irabazi dutenean....

Nik behintzat argi dut. Kirolari dagokionean, Bartzelona eta Madrid gauza bera dira. Eta azken honek galtzen duenean irrati eta telebistako esatari askoren kontuta poza hartzen badut ere, kasik nahiago dut Bartzelonak galtzen duenekoa. Esatari gutxiago izanda ere, Bartzelonarenak besteak bezain nazkanteak baitira. Eta Espaynol bera, bere zale batzuk hain.....fatxak izan ezean, gustokoago izango nuke. Talde txikiagoa baita, eta harrobia ondo zaintzen ari dena.

Azken urteetan asko sufritzen ari naiz Erreala dela eta. Baina emaitzetaz haratago kirol arkolo gauza askok eman didate pena. Baita zalegoak ere. Egia da une txarrenetan taldeari bizkar ematen denetakoak ez garela. Gure aldeko gauza handia da hori. Baina orokorrean zalego txarra garelakoan nago, eta batez ere, esker txarrekoa. Etxekoekin batik bat. Nor naiz ni besteak epaitzeko?Inortxo ere ez. Bakoitza aske da nahi duena egiteko, are gehiago ordaindu egiten duenean. Baina niri behintzat ilusio zati handiak kendu dizkidate. Kurisoena da gero kanpora joaten bukatzen dugun asko, betikoak izaten garela. Erreen gaudenak. Izan ere, hain erreta gaude batzuk, non dagoeneko errauts besterik ez garen. Ezin dugu gehiago erre beraz.

Emaitza garrantzitsuena ez dela jakiteko lain heldu naiz, txikikeriak alde batera utzita. Emaitzan onen esperoan Bartzelonakoa izan nahi duenari, ondo joan dakiola. Baita emaitza honen ilusioan edozein Real nahi duenari ere. Baina nik behintzat nahiago dut nireari eutsi. Baita Urroztarrakoa izango banintz ere.

No hay comentarios: