Bravo: 7 puntu. Lan gutxi urrutiko jaurtiketak eta areatik irten behar izan zueneko jokaldi batean izan ezik. Baloia hanketan duela aztoragarria izan daiteke, baliabide garrantzitsua izan daiteke baina ez maizegi ez du asmatzen horrelako baloietan.
C. Martinez: 7 puntu. Partida ona, nahiz eta arazo asko eman zizkion bere hegaleko erdilariak. Erasoan saiatzeaz gain defentsan gogotsu aritu zen laguntza handiegirik gabe eta nahiko txukun bete zuen bere lana, arazoak arazo.
Ansotegi: 7 puntu. Arazo gehiegi gabe, ondo aritu zen. Minik hartu gabe, lesionatu gabe,...txartelek soilik eragotzi diote partida guztiak jokatzea altzairuzko gizonari.
Labaka: 7 puntu. Lesionatu arte nahiko ondo ibili zen, defentsan gogor eta erasoan zorterik gabe baina saiatu zen. Salamancako aurrelari zikinaren belaunkada jaso ondoren lesionatu egin zen baina halere partida amaitu zuen batere fin ez zebilen arren. Pena lesionatu izana, maila txukuna ematen ari baita aurten.
De la Bella: 6,5 puntu. Izugarri hobetu du, eta Salamancan ere erasoan ondo aritu zen, defentsan lan gutxiago izan zuen baina zulo handiagoak ere utzi zituen. Lehen ez zuen apenas parte hartzen, egun erasoan eragin handia du eta defentsan zer edo zer egiten du baina oraindik onena eta txarrena egiteko gai da, alde batetik bestera aurkariari emandako pase hartan bezala.
Elustondo: 4 puntu. Ez zen bestetan bezain partidu eskasa izan, baina oro har postu horretan Elustondok ez du ia eraginik izaten jokoan, jokoa antolatzeko ez du gaitasunik eta defentsan Rivasekin topo egiten du askotan. Pase luzeak edo bigarren lerrotiko iritsierak eman ditzake baina horrek soilik ez du justifikatzen zelairatzea.
Rivas: 6,5 puntu. Oso borrokalari eta ekintza batzuetan oso ondo, baina beste une batzuetan ez zuen lan handiegirik izan Salamancaren erasoak hegaletara jo baitzuen maiz. Baloia hanketan zuela nahiko fin aritu da partida batzuetan baina Salamankan berriz ere agerian geratu ziren bere gabeziak, azkeneko jokaldian kasu. Halere, ez luke bere ardura izan behar.
Aranburu: 6 puntu. Erdiko jokalarien artean baloia mugitu eta aurkariei izkin egin diezaiekeen bakarra da, baina punta erdian ez du erabat lortzen aurrelari bakarrarekin lotura garatzea.
Prieto: 5,5 puntu. Griezzmanekin batera jokoari zer edo zer berezia eman ahal dion bakarra da, Salamancan ikutu zituen baloia gutxietan kalitate handia erakutsi zuen baina orokorrean ia desagerturik ibili zen. Baloi bila erdira jo behar izan zuen eta tarte batean hegalez aldatu.
Griezzman: 6 puntu. Hau ere ez dabil sasoirik beteenean, baina kontroletan eta izkin egiteetan argi uzten du bigarren mailako jokalarien artean kalitate handiena dutenen artekoa dela. Aurrelarien inspirazioa falta da hegaleko baloiak sareratzeko.
Agirretxe: 5, 5 puntu. Lan handia egin zuen presioan eta baloiak jaisten, baina lana osatzeko aurrelari bati eskatu behar zaiona falta izan zitzaion: gola. Buruz izan zuen aukerarik baina batez ere oso aukera garbia izan zuen atezainarekin buruz buru eta ez zuen aprobetxatu.
Zurutuza: 7 puntu. Gehiegi egin gabe ere, taldearen jokoa nahiko bizitzen du, gauza ezberdinak egiten ditu erdi-erdiko tokietan eta bizitasun puntua falta bazaio ere (askotan mantxoegi dago) pare bat baloirekin Agirretxe zein Buenori aukera onak eman zizkien, egokiena Buenori ikutu gabe utzitako baloia.
Bueno: 4,5 puntu. Ez zuen partidua pizteko balio izan, aukerak izan izan zituen baina ez zuen asmatu.
Nsue: 6 puntu. Minutu gutxi baina nahiko probetxuzkoak. Baloia hartu eta korrika hartzea baino gehiago eskatu behar zaio jokalari bati, baina une batzuetan eta bigarren zatian are gehiago futbola hori bezain sinplea da, korrika egin, erdiratu eta aurrelariek euren lana egin dezatela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario